Vistas de página en total

domingo, 1 de marzo de 2015

Mamuak nonahi

Mamuei eta sorgindutako istorioei buruzko istorioak gustuko? Onadorengo link honetan hainbat kontakizun arrigarri aurkituko dituzue, eta horrez gain ingelesa praktikatu :)

http://castlesandghostsolaia.blogspot.com.es/

lunes, 10 de junio de 2013

MUNDUA DENONA DA!

Joane, arrantzale baten alaba, itsasotik hurbil jaio zen. Baina Joanek argi zeukan bere etorkizuna aldatu nahi zuela eta enpresa bat sortu zuen. Urteak joan urteak etorri Joaneren enpresak itzelezko hobekuntzak egin zituen, ondorioz, gaztearen bizimaila asko hobetu zen. Baina handikeriak Joane suntsitu zuen, 28 urte zituela emakume aberatsenetarikoa bihurtu zen. Baina zer egiten zuen ordea? Hainbat trikimailu eginez diru pila irabazi baitzuen. Haren fabrikak sortzen zituen hondakin guztiak itsasora botatzen zituen ezkutuan eta hori dirua aurrezteko modu ilegala zen arren, itzelezko diru laguntza zen.

Dena ezin hobea zen Joanerentzat, baina behin hondakinak itsasora botatzen zegoela ekaitz batek itsasontzia hondoratu egin zuen. Itotzeko zorian zegoen eta halako batean zerbait ikusi zuen.  Tipo gazte bat zegoen, ilehoria, txori batekin kartetan? Ez zitzaion inporta, hala ere oihuka hasi zen:

-Mesedez, lagun nazazu! Ito egingo naiz!!

Orduan gazteak bira eman eta bere gorpua bistan utzi zuen. Ez zen gizon bat, arrain itxura zuen, nola zitekeen? Gazteak hau erantzun zion:

-Ez dut nahi! Zergatik lagunduko dizut ba?
-Hil zorian nagoelako
-Zu nire familia, nire herria eta nire lagunak hilarazten ari zara!
-Zertaz ari zara?- Joanek oso harrituta
-Ez nauzu ikusten? Ni itsasoan bizi naiz eta zure itsasontziek astero hondakin pila botatzen dizkigute. Nire espezieko izaki asko hil dira, baita landare eta arrain asko ere. Eta zuk niri laguntza eskatzen didazu? Joan zaitez pikutara!

Joane negarrez hasi zen:
-Mesedez, lagun nazazu
-Ongi da! Ez dut uste munduan izaki bizidunik hiltzea merezi duenik


Hurrengo goizean Joane hondartza batean esnatu zen. Ez zekien gertatutakoa egia edo ametsa izan zen, baina hala ere, bere bizitza aldatu zuen. Bere enpresa saldu eta bere ondasun guztiak natura zaintzeko bideratu zituen, batez ere itsasoa zaintzeko. Munduak gizakiez gain izaki gehiago daudela ikasteaz gain landareak, animaliak eta ura maitatzen ikasi zuen.

sábado, 8 de junio de 2013

AITOR ARANA, IDAZLE ETA ITZULTZAILE


Aitor Arana Luzuriaga 1963ko abenduaren 21ean Legazpin jaio zen. Unibertsitaterainoko ikasketak egin zituen eta hamazazpi urte inguru zituelarik hasi zen bere lehenengo urratsak ematen euskal literaturan, eta harrezkero, ibilbide luze eta oparoa izan du, urterik urte hazten doana. Bere lan ibilbidea euskal hizkuntzari lotua izan du betidanik. Lau urtez (1983 - 1987) euskera-irakaslea izana Legazpiko AEKn eta Udal Euskaltegian. Sei urtez Legazpiko HOTS kultur aldizkariko lankide eta zenbait urtez arduraduna. XUT literatur aldizkariko lankide eta arduraduna. Itzultzailea euskeraz, gaztelaniaz eta esperantoz. Haur, gazte eta helduentzako liburuak idazteaz gain, euskalkien alorreko hiztegigintzan eta metodogintzan ere lan egiten du.

Berak kontatzen du txikitan ez zekiela zer izan nahi zuen, oso ikasle txarra zen eta bere qurasoek esaten zioten ez bazuen ikasten barrenderoa izango zela, beraz, uste zuen barrenderoa izango zela. Hala ere, hogeita lau urterekin argitaratu zuen bere lehenengo liburua: Azkonarren laguna, (Elkar, 1987). Ordutik aurrera, hamarnaka liburu argitaratu ditu eta, oraindik orain, etenik gabeko ekoizpenean, liburu bat baino gehiago plazaratzen du urtean. Fikzioak hartzen du bere ekoizpenaren zati handi bat eta, batez ere,haur eta gazte literatura landu du. Horien artean gehien saldutakoak Amodioaren gazi-gozoak (Ibaizabal, 2001) eta Afrikako semea (Elkar, 1991) dira. idatzitako liburu guztien artean, berak ez du esaten zein den gehien gustatzen zaion liburua bat baina oso harro dago "Urtegi misteriotsua" liburuaz bost hizkuntzatara itzulita dagoelako: euskarara, gaztelaniara, frantsesara, nederlanderara eta esperantora. 70 bat edo 80 bat original idatzi ditu, bereziki nobelak eta saiakerak. Horrez gain, beste 70 inguru itzuli ditu. Haur eta gaztetxoentzat idatzitako liburu gehienak abenturazkoak eta misteriozkoak dira, baina beste gai batzuei buruzkoak ere idazten ditu eskatzen badiote.

Helduentzako zenbait narrazio eta eleberri ere idatzi ditu. 1994an, Ipuin lizunak (Kriseilu) idatzi zuen, ipuin erotikoen bilduma. Hurrengo urtean, Ipuin ilunak kaleratu zuen. Liburu hau hamar ipuinek osatzen dute. Atmosfera ilunean gertatzen dira istorioak; misteriozko hari batez iruten ditu guztiak. Euskal mitologiaren presentzia nabarmena da narrazioetan. Izan ere, "Osin Beltza", "Gauaren alabaren maitalea", "Sorgingaiaren Mendekua" edota "Azken Basajauna" ipuinek euskal tradizioko hainbat pertsonaia ekartzen dizkigu begien aurrera: Sorginak, Lamiak, Basajaunak eta abar. Arana euskarazko literatura erotikoa gehien landu duen idazleetakoa dugu.

Txalaparta argitaletxearen Literotura bilduman parte hartu du. Honen barruan,Onan (Txalaparta, 2000)
argitaratu zuen, gazte homosexual baten inguruko istorioa. Tematika homosexualeko lan ugari egin ditu Aranak. Xut gay aldizkariaren koordinatzaile izan zen. 2005ean Gay hiztegia (Txalaparta) plazaratu zuen. Bertan, homosexualek erabiltzen dituzten hainbat kontzeptu euskaraz nola eman daitezkeen proposatzen du. 1999. urtean Ipuin-entzulea lanarekin Euskaltzaindiaren eleberri saria irabazi zuen. Ibaizabal argitaletxeak 2001ean argitaratu zuen, Gailurrean bilduman sartuz. Istorioan emakume idazle baten bahiketa kontatzen da; bahitzaileak ez du askatuko bere inguruko ipuin bat idatzi arte. 2000. urtean Euskaltzaindiaren eleberri saria eskuratu zuen berriz ere, Historia lazgarria lanarekin, hilerri batean garatzen den beldurrezko istorioa da, 2002an Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratuko zuena.

Sormen lanaz gain, itzultzaile bezala ere ibilbidea egin du Aranak. Hainbat lan ditu itzuliak, euskaratuak gehienak, baina baita erdaratuak ere. Euskara, gaztelania, ingelesa, alemana eta esperantoa bezalako hizkuntzetara itzuli ditu hainbat lan. 16 – 17 urterekin idazlea izan nahi zuela konturatu zen. Gustuko zituen Tintinen abenturak eta euskarara itzultzea bururatu zitzaion. Komikiak fotokopiatzen zituen, guraizeak hartu eta testua mozten zuen, berriro fotokopiatzen zituen eta zuriz geratzen ziren zuloetan idazten zituen bere testuak euskaraz. Hori denbora pasa bezala egiten zuen. Geroago etorri zen bere lehenengo itzulpen profesionala, komiki batena izan zen, Frantzisko bihotz onekoa, 1986an euskaratu zuena. Hala ere, 90eko hamarkadatik aurrera hasi zen itzulpengintzan buru-belarri. Haur eta gazte literatura izan da batez ere itzulpengintzaren ardatz nagusia. Hasi zenean bere euskara erabiltzen zuen orain dela 50 urte euskara batua ez zelako existitzen. Geroago, Legazpiko HOTS aldizkarian idazten eta itzultzen hasi zen. Idazle gehienek ez dute itzultzen, itzulpen lana oso gutxik egiten dute, baina, Aranaren ustez, oso lagungarria da idazlea izateko. Horrez gan, bere ustez, asko irakurri behar da idazle ona izateko. Normalean, itzulpen horiek enkarguak izaten dira, asko Ibaizabal argitaletxekoek eskatuta, zeren eta eskubideak izatea garestia da.

Aranaren ustez, ideala jatorrizko hizkuntzatik itzultzea da. Berak batzutan horrela egiten du, baina gehiena gaztelaniatik euskarara egiten du. Orain esperantora ere itzultzen du. Euskal Herrian esperantoaren inguruan inon aditurik bada, legazpiarraren izena agertzen zaigu. Esperantoa hizkuntza artifiziala da, denona eta inorena ez, inposaketarik gabe ikasten eta hitz egiten den hizkuntza bat. Poloniar gazte batek asmatua, oso erraza artifiziala delako, hizkuntza naturalak zailagoak dira. Gure artean tradizio urria izan duen hizkuntza honen inguruan berebiziko interesa agerturik, bera izan da euskal idazleen artean lan handien egin duenetarikoa. Honela bada, Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak liburua (Memorajhoj de euskal bovino) itzuli zuen esperantora 1999. urtean. Esperantoz idatzitako liburu horiek gehienbat Rotterdam-en saltzen dira, Aranaren itzulpenez gain euskaratik beste batzuk ere itzuli dira. 

Aranak uste du sortzea, hau da, idaztea beste batek idatzitakoa interpretatzea edo itzultzea  baino
errazagoa da. Itzulpen lana egiterakoan, bidea eginda egon arren, idazleak esan nahi duena ondo ulertu behar da ondo itzultzeko. Hala ere, berari biak, idaztea eta itzultzea, gustatzen zaio.

Euskaltzalea izanik, hizkuntza gutxituen eta hiztun komunitate txikien inguruko kezka azaldu du Aranak, eta munduko hiztun guztiek elkar ulertzeko bidean ere hizkuntza unibertsalaren inguruko jakin-mina erakutsi du aspalditik. Honen adierazle argiak dira esperantoaren inguruan argitaratu dituen lanak, itzulpenetatik testu liburuetara. Adibiderik esanguratsuena, esperantoa euskal hiztunengana hurbiltzeko asmotan, hizkuntza ikasteko liburua kaleratu zuen Esperantoa ikasgai (Hots, 1990).

Beste egile batzuen obrak itzultzeaz gain, aurkako norabidean ere gauza bera gertatzen da, esan nahi baita, bere lanak ere hainbat hizkuntzatan itzuli dituzte, ingelesez, nederlanderaz edota gaztelaniaz, esaterako: 2000. urtean Erregina bahitua itzuli zioten gaztelaniara (La reina dormida); 2001ean Urtegi misteriotsuanederlanderaz itzuli zuten (Het geheim van het meer); 2004an Onan liburuaren izenburu bereko ingelerazko bertsioa argitaratu zuten.

Fikzioaz gaindi saiakeran ere, horrenbeste jorratu ez duen generoa izanagatik, hainbat lan eman ditu argitara, historiaren zein hizkuntzaren gainean. Lehenengoa, Neskea eta Jaungoikoa izan zen (Ibaizabal, 2003), mendebaldeko euskalkian idatzita dagoen liburua dugu honakoa. Hurrengo urtean, Etruskoak. Ziurtasunaren eta zalantzaren artean (Hiria, 2004) izendatutako saiakera historikoa eta BBK-Euskaltzaindia literatura sarien historia (1958-2003) argitaratu zituen. Bi urte beranduago, Aita gurea (Hiria, 2006) plazaratuko zuen.

Aranaren ekoizpenak berebiziko jakin-mina erakutsi du beti euskalkien inguruan. Egilearen beraren euskalki naturala gipuzkera izanik ere, bizkaiera, eta batez ere, Nafarroa Garaiko euskalkiak landu ditu, hainbat liburu kaleratuz, hala nolaIzarbeibarko hiztegia, (Hiria-Nafarroako Gobernua, 2002); Nafarroako ipar-ekialdeko euskara. Irunberritik Aezkoaraino, (Altaffaylla, 2003); Nafarroako euskalkiak. Hegoaldeko goi-nafarrera. Hiztegia (Hiria, 2004). Baina, bereziki landu duen euskalkia aipatu behar bada, zaraitzuera dugu hori. Azken honi eskaini dio arretarik handiena. Zaraitzuko hiztegia (Hiria-Nafarroako
Gobernua, 2001) eta Zaraitzuko euskara (Hiria-Nafarroako Gobernua, 2001) bildu zituen lehenik, eta ordurako desagerturik zegoen euskalki honetako hiztunek utziriko hainbat lekukotasun bilduko zituen ondoren, Zaraitzuera. Irakurgaiak (Hiria, 2004) bilduman.

Aranaren literatur ekoizpen oparoak aitortza zabala izan du; horren erakusle dira bere lanek eskuratutako hainbat sari:

    1.- Bilintx (1987)
    2.- Baporea (1989)
    3.- R. M. Azkue (1990)
    4.- Txomin Agirre (1999)
    5.- Txomin Agirre (2000)
    6.- Txomin Agirre (2002)
    7.- Toribio Altzaga (2002)
    8.- Baporea (2002)
    9.- Liburu gaztea (2002-2003)
    10.- Vitoria-Gasteiz itzulpen saria. Haur literatura (2003)
    11.- Bilbao Bizkaia Kutxak antolatutako narrazio lehiaketa (2004)
    12.- Donostia Hiriko Kutxa antzerki saria (2006)
    13.- JUUL saria. A saila (2006)
    14.- EHGAMen Urrezko Hirukia saria (2006)
    15.- Baporea (2007)
    16.- Ignacio Aldecoa (2007)
    17.- Irun Hiriko Kutxa eleberri saria (2009)
    18.- Baporea (2010)
    19.- JUUL saria. A saila (2010)

Berari eta bere lanari buruz ere argitaratu dira hainbat idazlan:
    1.- Aitor Arana. Intriga eta suspentsea erabiliz istorio latz eta hunkigarriak harilkatzen dakien idazlea.
         Iñaki Zubeldia, Egan Separata 2005, Egan Haur literatura aztergai 2 2012
    2. Aitor Arana: bizitza eta obra elkarlanean. Cyril Taffin de Tilques, Hiria 2012



 Hona hemen bere BIBLIOGRAFIA



domingo, 19 de mayo de 2013

Beharrezkoa al dugu euskaldunok AHT?



Gaur egun, bidaiatzea ez da lehen bezain zaila, eta horrek beste herrialde batzuk eta kultura desberdinak ezagutzeko aukera ematen du. Azken bolada honetan gure gizartean garraiobide desberdinak garatu dira; horien artean Abiadura Handiko Trena (AHT). Denok jakingo duzuen moduan, Euskal Herrian ere jarri nahi dute tren berri hori… Baina beharrezkoa da? Tren horrek izugarrizko abiadura izango du, nork ez du larrialdi bat izan eta azkar lekuren batera iristeko beharra? Hala ere, nork ditu gustuko horrelako trenak eskatzen dituzten egiturak? Tren horren eraikuntzak izugarrizko polemika sortu du euskaldunen artean, bi talde desberdinduz: kontra daudenak eta  alde daudenak. Ni, kontra daudenekin nago, AHTren eraikuntza naturaren aurka egindako txikizio itzela izan baita.



Alde batetik, trenak abiadura handia hartu behar duenez, trenbidea lerro zuzenean egon behar da, horretarako bere bidean dagoen guztia paretik kenduz: etxeak, basoak, mendiak, etab.; beraz, hainbat izaki, animalia zein gizaki, bizilekurik gabe geratu dira. Nora joan behar dira orain? Horrez gain, hainbat baserritarrek etxebizitzak galdu ez duten arren, haien lurrak galdu dituzte, eta… nondik lortuko dute orain dirua edo janaria? Baina hori ez da guztia, garraiobide moderno horrek itzelezko kutsadura sortuko du; ez bakarrik atmosferikoa, baita akustikoa ere. Kutsadura horiek eragin handia izango dute guregan, adibidez gure lurraldeko klima aldaketan.

Bestalde, Abiadura Handiko Trenaren alde daudenek, garraiobide hau beharrezkoa dugula defendatuko dute, komunikazioa hobetzeko eta arintzeko, batez ere; baina ni ez nator bat horrekin. Proiektu honek hiri handiak bultzatu eta herri txikiak baztertzen ditu-eta. Gainera, kontuan izanda AHTa martxan jartzea oso garestia izan dela, trena erabiltzeko billetea garestia izango da, eta horrek gure gizartean desberdintasunak areagotuko ditu.

Aurretik aipatutako guztiagatik, AHTa beharrezkoa ez den proiektu bat dela uste dut; ez diot ez digula inolako abantailarik eskainiko, baizik eta ez duela merezi hainbeste sakrifizio denbora pixka bat aurrezteko. Hau da, ez ditugu suntsitu behar gure mendiak, ibaiak, baserriak, lurrak, animaliak… garraiobide berri bat izateko,  geldoagoak izan arren beste hainbat garraio mota izanda hala nola autobusa edo euskotrena…

Lehen esaldi idatziak euskaraz

Euskara, Europako hizkuntza zaharrenetarikoa da; baina hala ere, gaztelaniarekin batera aurkitu ziren lehen esaldi idatziak. Baina non? Noiz?... e3saldi hauek Donemiliaga Kukulan aurkitu ziren. Gehiago jakin nahi baduzue klikatu hemen.



viernes, 10 de mayo de 2013

Gabriel Arestiren poemak

Harri eta Herri

  • Egilea: Gabriel Aresti
  • ISBN: 978-84-95511-40-9
  • EAN: 9788495511409
  • Argitaletxea: SUSA
  • Hizkuntza: Euskera
  • Edizio urtea: 2000
Hona hemen POEMA batzuk

Gabriel Arestiren (1933-1975) lana euskal literaturak izandako modernitate literarioranzko abioaren eredu da; sinbolismoan ainguraturako poesia gizarte giro berrira darama, eta hizkuntzaren erregistroa berritzen du Arestik, komunikazio modu berriak sortuz.

Idazleak garbi uzten du poeta maitatuen aipamenetan bere  irakur zaletasuna, batetik; eta poesian esperimentatzeko grina, bestetik. Arestik Blas de Oteroren liburuak 1959an ezagutu zituen, gutun batean dioenez. Elkar ezagutu zuten, eta adiskide handi egin ziren 1961tik aurrera.
1960 eta 1964 artean, Aresti gero eta poesia zuzenagoa egiten hasten da, sistema politikoak ezarritako egoera soziala salatuz, eta aldi berean jite herrikoia duten poemak osatzen ditu, zenbait ezaugarrirekin: zatikakotasuna, alusioa, ideiak metatzea, lotura faltadun itxura egitea… Bestalde, testuak zentsuratu zizkiotenetik, liburuak argitaratzea gero eta zailagoa egin zitzaion. Jo eta su ari zen idazten garai hartan, testu poetikoez gainera, Gabriel Arestik ipuin sorta bat kaleratu zuen, gizarte giroko gai konprometituekin, eta baita nobela bat, Mundu-Munduan, hasiera batean antzezlan baterako pentsatua. Zenbait antzezlan ere aurkeztu zituen Euskal Herriko sariketa literarioetara.
1964an, Gabriel Arestik bide berri bat abiatu zuen Harri eta Herri poemarioarekin. 1962erako idatzia zeukan, eta trilogia baten lehen liburua izan zen, harria eta euskal herria lotzen zituen irudia oinarri harturik. Gero etorri ziren Euskal Harria, 1967an, eta Harrizko Herri Hau, 1970ean. Badirudi egileak nahita utzi zituela igarotzen hiru urte argitalpen batetik bestera.
Harria eta herria lotzea, dirudienez, egileari berari gertatutako zerbaitetik sortu zen. Abadiñoko Salbatzailearen Baselizatik gertu hamabi harri daude, Durangaldeko herrien sinbolo gisa. Dena dela, oihartzun historiko horrek ez du ezabatzen beste poeta batzuen eragina. Celso Emilio Ferreiro galiziar poetak ere harria aipatzen du lehenagotik argitaratuko Longa noite de pedra liburuan; bestalde, Jon Juaristik Miguel Hernándezen poema bat gogorarazten digu, “vascos blindados de piedra”, eta are gehiago ikus daitezke euskal identitatea eta harria lotzen dituzten zantzuak Arestiren beraren lehenagoko poemetan, ohartuki erabili baitzuen harriaren balio sinbolikoa, egoera politikoari aurre egiteko bitarteko gisa.

Euskal historiaurreari egiten dio keinu Arestik, eta euskal identitatea historiaurrearen arabera definitzeko interesa zuten beste ikertzaile eta artistekin lotzen du horrek. Harriaren sinboloa Jorge Oteizaren hipotesiekin loturik dago; eskultoreak historiaurrean aurkitu nahi zuen euskal estetikaren ezaugarri nagusi baten sorrera: historiaurreko eraikuntzetan, zehazki mairu-baratzetan, ageri den hutsa, huts hori abangoardiako eskulturgintzari txertatzen dio Oteizak. Barandiaran arkeologo eta etnografoa ere euskal herriaren jatorriaz arduratua zen, apaiz hark bultzatu zituen Euskal Herrian arkeologia ikerketak. Harria sinbolotzat hartzeak esanahi politikoa indartzen du: Euskal Herriaren aro ideala, utopikoa, Harri Aroa da.Dena den, Harri eta Herri lanean errealitatearen irakurketa semiotiko berezi bat egitea bilatzen zuen Arestik. Edozein ñabardura, gertakizun, denboraren eta bizitzea egokitu zitzaion gizartearen alegoria bihurtzen zen Arestiren poesian. Poetak gauza zehatzekiko sentiberatasuna zuen: bizitako oro, ikusitako oro, entzundako oro, dena izan zitekeen poesia izateko gai, eta horretan Gabriel Arestik bazuen bere poesian “object trouvé” delakoaren ukiturik. Arestiren poemak bidaiak dira, hasi zerbait zehatzetik eta egia orokor batera iristeraino.
Hala, “Zorrotzako portuan aldarrika” poeman handik eta hemendik etorri eta elkarrekin lanean ari diren langileen gertakari xume bat hartzen du oinarri, injustiziak ez du bereizten haien artean, Arestiren gizarte-konpromisoa poemaren amaieran ageri da: “Beti paratuko naiz/ gizonaren alde”. Berdin gertatzen da “Bilbaoko kaleak” poeman ere; kaleen irakurketa politiko bat egiten du, alde batetik gizarte frankista adieraziz, eta bestetik askatasunaren egarria.
Arestiren poesia Blas de Oterok esandako “Escribo/ como hablo” haren araberakoa bada ere, badu eginkizun bat bete behar duen poeta/profetaren ikuspegirik. Harri eta Herri liburuan, Gabriel Aresti munduaren erdigunean jartzen da, subjektibitatetik eta ni poetikoaren lirikatik abiaturiko diskurtso poetiko batez, etabulartsu egiten dio aurre frankismoak eraikitako gizarteari. Horregatik da deigarria “Munduaren neurria” poema, bertan poetak bere ni hori mundua sortzen duen hitzaren sormenaren haritik eraikitzen duelako hain zuzen ere.

miércoles, 8 de mayo de 2013

Betiko joko bat

aulki-jokoa

      
  • Egilea: Uxue Alberdi Estibaritz
  • ISBN: 978-84-9783-673-9
  • EAN: 9788497836739
  • Argitaletxea: ELKAR
  • Hizkuntza: Euskera
  • Argitaratutako urtea:2009
Sinopsis
“Inork ez luke galtzetan pixa eginda hil nahi. Biluzik hiltzea baino okerragoa da hori, duintasun izpirik gabe. Nik, nola hil nahi dudan galdetzen didatenean, lore moreak dituen soinekoa jantzita erantzuten dut. Daukadan politena da”.Umeen jolasa ez ezik, bizitzaren metafora da aulki-jokoa: aldiro gutako bat geldituko da lekurik gabe, eta utzi egin beharko du joko-zelaia. Maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia… gai handi eta eternalak ageri dira herri txiki bateko biztanleen bizitzetan. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali haurrak ezagutuko ditugu, adokinetan korrika, baita haiek berak gaztetan ere, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian.




      Hona hemen zer dion Uxuek eta eleberriari buruz idatzitako kritikak .