Vistas de página en total

sábado, 8 de junio de 2013

AITOR ARANA, IDAZLE ETA ITZULTZAILE


Aitor Arana Luzuriaga 1963ko abenduaren 21ean Legazpin jaio zen. Unibertsitaterainoko ikasketak egin zituen eta hamazazpi urte inguru zituelarik hasi zen bere lehenengo urratsak ematen euskal literaturan, eta harrezkero, ibilbide luze eta oparoa izan du, urterik urte hazten doana. Bere lan ibilbidea euskal hizkuntzari lotua izan du betidanik. Lau urtez (1983 - 1987) euskera-irakaslea izana Legazpiko AEKn eta Udal Euskaltegian. Sei urtez Legazpiko HOTS kultur aldizkariko lankide eta zenbait urtez arduraduna. XUT literatur aldizkariko lankide eta arduraduna. Itzultzailea euskeraz, gaztelaniaz eta esperantoz. Haur, gazte eta helduentzako liburuak idazteaz gain, euskalkien alorreko hiztegigintzan eta metodogintzan ere lan egiten du.

Berak kontatzen du txikitan ez zekiela zer izan nahi zuen, oso ikasle txarra zen eta bere qurasoek esaten zioten ez bazuen ikasten barrenderoa izango zela, beraz, uste zuen barrenderoa izango zela. Hala ere, hogeita lau urterekin argitaratu zuen bere lehenengo liburua: Azkonarren laguna, (Elkar, 1987). Ordutik aurrera, hamarnaka liburu argitaratu ditu eta, oraindik orain, etenik gabeko ekoizpenean, liburu bat baino gehiago plazaratzen du urtean. Fikzioak hartzen du bere ekoizpenaren zati handi bat eta, batez ere,haur eta gazte literatura landu du. Horien artean gehien saldutakoak Amodioaren gazi-gozoak (Ibaizabal, 2001) eta Afrikako semea (Elkar, 1991) dira. idatzitako liburu guztien artean, berak ez du esaten zein den gehien gustatzen zaion liburua bat baina oso harro dago "Urtegi misteriotsua" liburuaz bost hizkuntzatara itzulita dagoelako: euskarara, gaztelaniara, frantsesara, nederlanderara eta esperantora. 70 bat edo 80 bat original idatzi ditu, bereziki nobelak eta saiakerak. Horrez gain, beste 70 inguru itzuli ditu. Haur eta gaztetxoentzat idatzitako liburu gehienak abenturazkoak eta misteriozkoak dira, baina beste gai batzuei buruzkoak ere idazten ditu eskatzen badiote.

Helduentzako zenbait narrazio eta eleberri ere idatzi ditu. 1994an, Ipuin lizunak (Kriseilu) idatzi zuen, ipuin erotikoen bilduma. Hurrengo urtean, Ipuin ilunak kaleratu zuen. Liburu hau hamar ipuinek osatzen dute. Atmosfera ilunean gertatzen dira istorioak; misteriozko hari batez iruten ditu guztiak. Euskal mitologiaren presentzia nabarmena da narrazioetan. Izan ere, "Osin Beltza", "Gauaren alabaren maitalea", "Sorgingaiaren Mendekua" edota "Azken Basajauna" ipuinek euskal tradizioko hainbat pertsonaia ekartzen dizkigu begien aurrera: Sorginak, Lamiak, Basajaunak eta abar. Arana euskarazko literatura erotikoa gehien landu duen idazleetakoa dugu.

Txalaparta argitaletxearen Literotura bilduman parte hartu du. Honen barruan,Onan (Txalaparta, 2000)
argitaratu zuen, gazte homosexual baten inguruko istorioa. Tematika homosexualeko lan ugari egin ditu Aranak. Xut gay aldizkariaren koordinatzaile izan zen. 2005ean Gay hiztegia (Txalaparta) plazaratu zuen. Bertan, homosexualek erabiltzen dituzten hainbat kontzeptu euskaraz nola eman daitezkeen proposatzen du. 1999. urtean Ipuin-entzulea lanarekin Euskaltzaindiaren eleberri saria irabazi zuen. Ibaizabal argitaletxeak 2001ean argitaratu zuen, Gailurrean bilduman sartuz. Istorioan emakume idazle baten bahiketa kontatzen da; bahitzaileak ez du askatuko bere inguruko ipuin bat idatzi arte. 2000. urtean Euskaltzaindiaren eleberri saria eskuratu zuen berriz ere, Historia lazgarria lanarekin, hilerri batean garatzen den beldurrezko istorioa da, 2002an Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratuko zuena.

Sormen lanaz gain, itzultzaile bezala ere ibilbidea egin du Aranak. Hainbat lan ditu itzuliak, euskaratuak gehienak, baina baita erdaratuak ere. Euskara, gaztelania, ingelesa, alemana eta esperantoa bezalako hizkuntzetara itzuli ditu hainbat lan. 16 – 17 urterekin idazlea izan nahi zuela konturatu zen. Gustuko zituen Tintinen abenturak eta euskarara itzultzea bururatu zitzaion. Komikiak fotokopiatzen zituen, guraizeak hartu eta testua mozten zuen, berriro fotokopiatzen zituen eta zuriz geratzen ziren zuloetan idazten zituen bere testuak euskaraz. Hori denbora pasa bezala egiten zuen. Geroago etorri zen bere lehenengo itzulpen profesionala, komiki batena izan zen, Frantzisko bihotz onekoa, 1986an euskaratu zuena. Hala ere, 90eko hamarkadatik aurrera hasi zen itzulpengintzan buru-belarri. Haur eta gazte literatura izan da batez ere itzulpengintzaren ardatz nagusia. Hasi zenean bere euskara erabiltzen zuen orain dela 50 urte euskara batua ez zelako existitzen. Geroago, Legazpiko HOTS aldizkarian idazten eta itzultzen hasi zen. Idazle gehienek ez dute itzultzen, itzulpen lana oso gutxik egiten dute, baina, Aranaren ustez, oso lagungarria da idazlea izateko. Horrez gan, bere ustez, asko irakurri behar da idazle ona izateko. Normalean, itzulpen horiek enkarguak izaten dira, asko Ibaizabal argitaletxekoek eskatuta, zeren eta eskubideak izatea garestia da.

Aranaren ustez, ideala jatorrizko hizkuntzatik itzultzea da. Berak batzutan horrela egiten du, baina gehiena gaztelaniatik euskarara egiten du. Orain esperantora ere itzultzen du. Euskal Herrian esperantoaren inguruan inon aditurik bada, legazpiarraren izena agertzen zaigu. Esperantoa hizkuntza artifiziala da, denona eta inorena ez, inposaketarik gabe ikasten eta hitz egiten den hizkuntza bat. Poloniar gazte batek asmatua, oso erraza artifiziala delako, hizkuntza naturalak zailagoak dira. Gure artean tradizio urria izan duen hizkuntza honen inguruan berebiziko interesa agerturik, bera izan da euskal idazleen artean lan handien egin duenetarikoa. Honela bada, Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak liburua (Memorajhoj de euskal bovino) itzuli zuen esperantora 1999. urtean. Esperantoz idatzitako liburu horiek gehienbat Rotterdam-en saltzen dira, Aranaren itzulpenez gain euskaratik beste batzuk ere itzuli dira. 

Aranak uste du sortzea, hau da, idaztea beste batek idatzitakoa interpretatzea edo itzultzea  baino
errazagoa da. Itzulpen lana egiterakoan, bidea eginda egon arren, idazleak esan nahi duena ondo ulertu behar da ondo itzultzeko. Hala ere, berari biak, idaztea eta itzultzea, gustatzen zaio.

Euskaltzalea izanik, hizkuntza gutxituen eta hiztun komunitate txikien inguruko kezka azaldu du Aranak, eta munduko hiztun guztiek elkar ulertzeko bidean ere hizkuntza unibertsalaren inguruko jakin-mina erakutsi du aspalditik. Honen adierazle argiak dira esperantoaren inguruan argitaratu dituen lanak, itzulpenetatik testu liburuetara. Adibiderik esanguratsuena, esperantoa euskal hiztunengana hurbiltzeko asmotan, hizkuntza ikasteko liburua kaleratu zuen Esperantoa ikasgai (Hots, 1990).

Beste egile batzuen obrak itzultzeaz gain, aurkako norabidean ere gauza bera gertatzen da, esan nahi baita, bere lanak ere hainbat hizkuntzatan itzuli dituzte, ingelesez, nederlanderaz edota gaztelaniaz, esaterako: 2000. urtean Erregina bahitua itzuli zioten gaztelaniara (La reina dormida); 2001ean Urtegi misteriotsuanederlanderaz itzuli zuten (Het geheim van het meer); 2004an Onan liburuaren izenburu bereko ingelerazko bertsioa argitaratu zuten.

Fikzioaz gaindi saiakeran ere, horrenbeste jorratu ez duen generoa izanagatik, hainbat lan eman ditu argitara, historiaren zein hizkuntzaren gainean. Lehenengoa, Neskea eta Jaungoikoa izan zen (Ibaizabal, 2003), mendebaldeko euskalkian idatzita dagoen liburua dugu honakoa. Hurrengo urtean, Etruskoak. Ziurtasunaren eta zalantzaren artean (Hiria, 2004) izendatutako saiakera historikoa eta BBK-Euskaltzaindia literatura sarien historia (1958-2003) argitaratu zituen. Bi urte beranduago, Aita gurea (Hiria, 2006) plazaratuko zuen.

Aranaren ekoizpenak berebiziko jakin-mina erakutsi du beti euskalkien inguruan. Egilearen beraren euskalki naturala gipuzkera izanik ere, bizkaiera, eta batez ere, Nafarroa Garaiko euskalkiak landu ditu, hainbat liburu kaleratuz, hala nolaIzarbeibarko hiztegia, (Hiria-Nafarroako Gobernua, 2002); Nafarroako ipar-ekialdeko euskara. Irunberritik Aezkoaraino, (Altaffaylla, 2003); Nafarroako euskalkiak. Hegoaldeko goi-nafarrera. Hiztegia (Hiria, 2004). Baina, bereziki landu duen euskalkia aipatu behar bada, zaraitzuera dugu hori. Azken honi eskaini dio arretarik handiena. Zaraitzuko hiztegia (Hiria-Nafarroako
Gobernua, 2001) eta Zaraitzuko euskara (Hiria-Nafarroako Gobernua, 2001) bildu zituen lehenik, eta ordurako desagerturik zegoen euskalki honetako hiztunek utziriko hainbat lekukotasun bilduko zituen ondoren, Zaraitzuera. Irakurgaiak (Hiria, 2004) bilduman.

Aranaren literatur ekoizpen oparoak aitortza zabala izan du; horren erakusle dira bere lanek eskuratutako hainbat sari:

    1.- Bilintx (1987)
    2.- Baporea (1989)
    3.- R. M. Azkue (1990)
    4.- Txomin Agirre (1999)
    5.- Txomin Agirre (2000)
    6.- Txomin Agirre (2002)
    7.- Toribio Altzaga (2002)
    8.- Baporea (2002)
    9.- Liburu gaztea (2002-2003)
    10.- Vitoria-Gasteiz itzulpen saria. Haur literatura (2003)
    11.- Bilbao Bizkaia Kutxak antolatutako narrazio lehiaketa (2004)
    12.- Donostia Hiriko Kutxa antzerki saria (2006)
    13.- JUUL saria. A saila (2006)
    14.- EHGAMen Urrezko Hirukia saria (2006)
    15.- Baporea (2007)
    16.- Ignacio Aldecoa (2007)
    17.- Irun Hiriko Kutxa eleberri saria (2009)
    18.- Baporea (2010)
    19.- JUUL saria. A saila (2010)

Berari eta bere lanari buruz ere argitaratu dira hainbat idazlan:
    1.- Aitor Arana. Intriga eta suspentsea erabiliz istorio latz eta hunkigarriak harilkatzen dakien idazlea.
         Iñaki Zubeldia, Egan Separata 2005, Egan Haur literatura aztergai 2 2012
    2. Aitor Arana: bizitza eta obra elkarlanean. Cyril Taffin de Tilques, Hiria 2012



 Hona hemen bere BIBLIOGRAFIA



No hay comentarios:

Publicar un comentario